Edukira joan

Potlatx

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kwakwaka'wakwek potlatxa antolatzen segitzen dute.

Potlatxa (chinookerazko hitza, euskaraz: «oparia») Kanadan eta AEBetan, Ozeano Bareko ipar-mendebaldeko kostaldean, herri indigenek egiten duten oturuntza mota bat da, elkarri opari asko ematea esan nahi duena. Munta handiko ospakizuna da heiltsuk, haida, nuxalk, tlingit, makah, tsimshian, nuu-chah-nulth[1], kwakwaka'wakw eta kostaldeko salishen iritziz, besteak beste.

Potlatx batek aberastasuna edo baliozko objektuak ematea edo suntsitzea dakar, buruzagi baten aberastasuna eta boterea erakusteko. Familia, klan eta nazioarteko loturak ere berretsi nahi dira horrela, baita naturaz gaindiko munduarekiko lotura ere. Halaber, baliabideak kudeatzeko erregimen zorroztzat erabiltzen da: kostaldeko herriek lurralde eta baliabide zehatzei dagozkien eskubideak eta erabilerak eztabaidatu, negoziatu eta baieztatzen dituzte. Musika, dantza, kantua, narrazioak, hitzaldiak, txantxak eta jolasak dakartzate usu. Sakratua eta ahozko historiak errezitatzea potlatx askoren funtsezko zati da.

1885ean, Kanadako gobernu federalak potlatxak debekatu egin zituen, Ozeano Bareko ipar-mendebaldeko herrien iritziz zeremonia nagusia izan arren. Debekuaren helburua indigenak asimilatzea zen, haien kultur tradizioak zapalduz, balio kapitalista eta kristauekin bateraezinak zirelakoan. Ezkutuan iraun zuten, gobernuaren errepresalien arriskua egon arren (gutxienez, bi hileko espetxe-zigorrak barne). Ospakizuna antropologo askok aztertu zuten. Legearen betearazpena hasieran lausoa izanik ere, atxiloketak eta zeremonia-objektuen konfiskatzea ekarri zuen. 1951n, indiarrei buruzko legearen berrikuspenak debeku hori bertan behera utzi zuen azkenean eta zeremonia komunitate batzuetan berriz agertu da.

Potlatxak filosofian, gastu hutsaren kontzeptura igortzen du (ikus Georges Bataille eta Marcel Mauss). Norgehiagokaren menpeko prozesua da: gainontzekoen dohaintzak gainditu behar dira.

Kwakwaka'wakwen potlatx bat (Edward Curtisen argazkia, 1907 eta 1930 artean argitaratua).

Bestalde, Gilles Deleuze filosofoak azaldu duenez, "hartzekodun-zordun harremana" — Nietzscheren arabera, "edozein trukeren aurrekoa" zena— birplanteatu egin behar da, potlatxari buruzko ondorengo ikerketak kontuan hartuta.[2]

Antropologi teoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

René Girard antropologoak fenomeno zabalago batekin identifikatzen du praktika erritual hori, partekatzen ez den desira-objektu baten inguruan aktiba daitekeen bortizkeria kolektibo eta mimetiko bat desaktibatzea ahalbidetzen duen sakrifizioa. Mimetismoaren garapen edo “larriagotze” gisa, aberastasun kopuruak nahita eta erritualki xahutzen dituzten bi tribu aurkariren egoera aipatzen du (“mimetismo negatiboaren” kasua).

Dohaintzaren ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitza antropologian sartu zuten 1924an Mauss-ek eta Davy-k. Hala ere, Marcel Mauss-ek 1905ean inuitei buruzko saiakeran aipatu zuen.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Atleo, Richard. Tsawalk: A Nuu-chah-nulth Worldview, UBC Press; New Ed edition (2005eko otsailaren 28a). ISBN 978-0-7748-1085-2
  2. Deleuze, Critique et clinique, 1993, 160. or.
  3. Marcel Mauss. (1904-1905). «Essai sur les variations saisonnières des sociétés eskimos Étude de morphologie sociale» l’Année Sociologique: 103...

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]